XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Egun hura joan zen betirako.

Harrez gero, pentsamentu bat, ideia, asmo, kezka, amets edota ez dakit zer zebilen etengabe nire baitan.

Kasketaldi bat ala Espirituaren bultzada?... Jainkoak daki zer zen hura.

Hara zer: Euskal Herriko neskarik hoberenetakoak monja zihoazen ugari (orduan hala gertatzen zen, lehenago ere hemen esan dugun moduan. Begira sasoi hartan nolako etxeburu galantak eraiki ziren nobiziadutarako).

Mundu guztiko herrialde gehienetan Euskal Herriko monjaren bat biziko zen.

Eta bien bitartean, gure Herrian bertan, kanpotik etorritako monja ezeuskaldun asko ikusten genituen, bai gure ikastetxeetan, bai gure ospitale eta eritetxeetan.

Edota hemengo alabak euskal lurretan biziko baziren ere, erabat deseuskaldundu egingo zizkiguten.

Kasu askotan euskara alboratzea legetzat bezala harrarazi ohi baitzitzaien.

Hamaika kalbario ikusiak dira euskarazale iraun nahi izandako monja asko.

Izarraitz aldeko baserritar haren alabak Madrid aldera monjatzarako joaten ikusi eta bihotzaren barrenetik otoitz gogor hau sortu eta irtetzen zitzaidan:

Baina, Jauna, gure Herria mundu guztirako monja gaiak ari zaizkizu ematen eta Herri horrek berak ez al du behar bere hizkuntzaz eta bere maitasunez hitzegin eta bere eritegi, ikastetxe eta elizetan lagunduko dion bertako alaba konsagraturik?

Hamaikatxo aldiz nire buruari egiten nion galdekizuna zen hori.

Eta ez nire buruari bakarrik. Arazo horretaz kezkatu eta biziki arduratutako gizaseme eta emakume sekular batzuk ere ezagutzen bainituen.

Apaizak ere bai.